Abian da 21. KORRIKA, AEK-k antolatua, Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.
2019ko apirilaren 4tik 14ra, 11 egunez, Euskal Herria zeharkatuko du KORRIKAk. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe. Garestik abiatu eta Gasteizen bukatuko da. Donostiara apirilaren 12an iritsiko da, arratsaldez, eta Añorgatik sartuko da 16:30ean.