STL Kirol taldearen Funtzionamendua

Ikasleen hezkuntza osoenaren arduran, garrantzi handikoa ikusten dugu kirolaren praktika. Horregatik, ikastolaren ahalegin garrantzitsua da kirol egitura mantentzea eta honen aldeko errefortzu esku-hartzeak lantzea. Kirol praktikaren ereduari dagokionez hauek dira hautatuak ditugun irizpide nagusia: (1) Parte hartze irekia eta aukera berdintasuna. (2) Kirol aniztasuna. (3) Kirola norberaren garapenean bidelagun; hezkuntza helburuekin uztarketa. Ereduaren ondorioz, ikasleengan kirol-kultura sustatzea dugu helburu. Osasun-kirola, errendimenduko kirola, partaidetzako kirola edo aisialdiko kirola gizartean dauden aukerak dira eta Eskola-Kirola horien guztien abiapuntua izango da.

Kirol ekintzen garapenak sarri txapelketetan parte hartzera eramaten gaitu eta Lizeoak –beste eskolek eta elkarteek bezala– araudiak eta egutegiak baldintza egokietan betetzeko erantzukizuna hartzen du. Jarduera talde batean izena ematea partaide guztien artean ixten den akordioa da eta horrekiko konpromisoa eta begirunea da landu nahi dugun oinarrizko jarrera.

 

OHAR NAGUSIAK:

Osasun azterketa: Kirolari guztiek osasun-azterketa egin dezaten gomendatzen dugu. Zenbait mailatan derrigorrezkoa izaten da, besteetan azken erabakia gurasoena da. Kirol-jarduera baimentzen duen osasun-azterketaren agiria edo gurasoen ez egiteko erabakia kirol koordinatzaileen ezagutzara iritsi behar du. Agiririk ez aurkeztea, azterketa ez egiteko guraso-erabakia bezala ulertuko da.

Oinarrizko partaidetza: Gerta ohi dira onargarriak ez diren faltak (ekintza kontrajarriak, jai egunak…) Horrek ekintzen lehentasunak argitzea eskatzen dio bakoitzari. Partaidetza adosteko eragozpenak aurreikusten dituenari, penaz, izenik eman ez dezan gomendatzen diogu.

Kirol ekipazioa: Denboraldi hasieran, kirol ekipamenduaren antolaketa bideratzen da. Kiroletan parte hartzen dutenei STL ekipazioaren erabilera bete-betean derrigortuko zaie, dagokien talde irudia ager dezaten.