Oinarrizko Funtzionamendu Arauak

BH eta eguerdiko atseden ordua: Eguerdiko atseden orduan Lizeotik ateratzeko baimen eta debekuen gaiarekin lotuta eta DBHko neska-mutilez ari garela, 12:25 eta 13:25 bitarteko denborari dagokionez, egunero-egunero 2 ikasle multzo bakarrik daude, normalean ikasturte osorako: 

  • Gurasoen ardurapean eguerdia Lizeoko eremutik kanpo ematen duten ikasleak, gurasoek horrela adierazia dutelako. Ikasle hauek debekatuta dute Lizeoan denbora tarte horretan egotea.
  • Eguerdian Lizeoaren ardurapean dauden ikasleak, bertako jantokiko erabiltzaile izan ala ez. Edozein elikadura-eredutan ari direla ere, ikasle hauek debekatuta daukate, salbuespenik gabe, Lizeoko eremutik ordubete horretan ateratzea.

Kontuan hartu behar da, bestalde, Lizeoan erabaki hau ikasturtea hasi aurretik kudeatzen dela, udako planifikazio-deialdien bitartez, eta adierazita utzi den multzotik bestera pasa nahi bada, gurasoek idazkaritzan adierazi beharko dituztela aldaketa-asmoen berri, eta aldaketok hiruhileko bakoitzaren hasieran jarriko direla indarrean, ez lehenago.

Indarrean dugun araua hau izanik, eta ordu horren kudeaketan begirale-arduradunekin sor daitezkeen ika-mika desatseginak, ahal dugun neurrian, ekiditearren, eskertzekoa izango da ikasleek araua betetzea eta gainerako guztiek betearazten laguntzea.

Batxilergoko azterketen huts egiteak justifikatzeko baldintzak: Justifikazioa gurasoen bitartez egin behar da, beti ere azterketa hasi aurretik, goizeko 8:00-8:15ak bitartean, telefonoz deitu eta Batxilergoko koordinatzailearekin hitz eginez. Ez da onartuko (edo salbuespen guztizko bezala bakarrik) lehenengo azterketako hutsegitea justifikatzea egun bereko bigarren azterketa eginez gero.

Ordutegi ez-lektiboko egonaldiak Lizeoak: Ikasleek, bertan egon ahal izateko, Lizeoaren zerbitzu baten menpe aritu behar dute. Eta, noski, zerbitzu horren arautegiaren arabera jokatu beharko dute. Ordutegi ez-lektiboan, ikasleek ezin dute bere kabuz Lizeoan gelditu, ezta eskola-garaia baino bereziki lehenago etorri ere; are gutxiago, adibidez, martxan dauden zerbitzuetan nahasteak sortuz.

Geletara joan-etorriak eta jolastokien erabilera eskola ordutegian: Arren, errespeta itzazue geletatik hurbil dauden espazioak eskola denboran. Uste baino eragozpen gehiago sor daitezke. Kontuan hartu klase-ordutegien bitartean, eta hauek 17:30etan bukatzen dira, ikastolaren jolastokiak ez direla seme-alabak libre uzteko tokiak.Era berean, ez dira geletan ager daitezkeen helduak onartuko. Lan garaiko ordu baterako gelditu bazarete ikasleekin, joan Harrerara eta handik deituko zaio.

Ikastolara ez etortzeko jakinarazpenak: Saia zaitezte, mesedez, seme-alabaren hutsegiteak edo faltak justifikatzen zuek izenpetutako txartel baten bitartez. Ikasturtearen edozein sasoitan, seme-alaba ez eskolatzeko ahaleginetan, jakin derrigorrezko eskolaldian ikastolak ezin duela horretarako baimenik eman. Erantzukizunez jokatu eta tutorearekin egin beti jakinarazpena.

Gozokiak eta beste: Ohiko deia egiten dizuegu, ez dezazuen haurra ikastolara bidali, patrikak gozokiz eta abarrez beterik dituela. Ikastolan ez dute horien beharrik. Jaioteguna ospatzeko, berriz, lagunei emateko oparitxo bakarra ekar dezatela -eta ez gehiegizko bildumak- eta arratsaldean banatzeko; andereñoak ez du hori baino gehiagorik banatuko.