Historia

1960-70 hamarkadak

Santo Tomas Lizeoa 1.960/61. ikasturtean sortu zen, Koldo Mitxelena, Jose Migel Zumalabe eta Carlos Santamariaren iniziatibaz eta askoren lanez; neska-mutilen irakaskuntza elebiduna garatzeko akademia pribatu bat zen, Olazabal pasealekuko (gaur Bizkaiko pasealekua) aretoan. Urte hartan 60 ikasle izan ziren; goizez gaztelaniaz ematen ziren klaseak, -institutuan gaztelaniaz egiten baitzituzten azterketak – eta arratsaldez, euskaraz.

Ikasleak, garaian jardunean ziren etxeetako ikastola txikietatik bildu ziren: Gogoratzekoak dira Elvira Zipitria, Karmele Esnal, Jone Forkada, Hernaniko Juan Goia eta beste batzuk. Geroztik ikastola guztiek bezala, oztopo handiak, diru gutxi eta borondate handia izan zuten eragileek.

Hasieran, gela alokatu batzuk erabili ziren, baina ikasleen kopurua ugaritu eta Hezkuntza Legearen baldintzak betetzen ez zirenez, ikastetxe berri bat eraiki beharrean aurkitu ziren.

Arazo juridikoak gainditzeko, eta irtenbide erosoena zenez, LOISTARAIN, I.E. sortu zen, garai hartan lur hauetan zegoen baserriaren izena erabiliz. Nahiz eta ikastolak Santo Tomas Lizeoa izena hartu, Loistarain izena hartu zuen Elkarteak eta ez dugu galtzea nahi izan ere kooperatiba izendatzerakoan XII. Mendekoa baita toponimo hori, Ibaeta lurretako zaharrena ziurrenez.

Izengabeko Elkartearen forma juridikoa hartu zuen, errazagoa baitzen, berehala sortu eta ikerketa ofizial handirik gabe, ikastolaren ekintzak aurrera eramatea. Elkartearen partaideek diru-bilketa handia egin zuten eta baita beharrezji kredituak lortu, 34.000 metro karratuko lurren erosketari aurre egiteko.

1970. urtean Villar Palasí ministroak bultzatu zuen Hezkuntza Lege berria indarrean jarri zen; gaur egun Lizeoko guraso askok ondo ezagutu zuten OHO eta Batxilergoa eta UBI izenekin ezagutu ziren etapak sortu zituena.

Horrela, 70eko hamarkadan zehar eta 80ko hamarkadaren hasieran, Santo Tomas Lizeoa Donostialdean batxilergoa euskaraz egiteko lehen aukera bilakatu zen, inguruko hainbat ikastoletako ikasleak jasoz: Barandiaran Lizeokoak, Herri Ametsa Ikastolakoak, ... eta baita probintziako hainbat eta hainbat ikasle ere. 1.972. urtean Lizeoak OHOko baimena eta homologazioa lortu zuen, orain LH 3-6 eta DBH 1-2. mailak hartzen dituena. Geroztik, ez zen Institutura azterketak egitera joan beharrik.

Batxilergoak Lizeoa handitzea ekarri zuen, eta horren ondorioz bere instalazioak eskaintza berriari moldatzea ere. Ordukoak dira, besteak beste, denok Goiko Etxea izenarekin ezagutzen ditugun BBB-UBIko etxeak (1977), Haur Hezkuntzako etxea (1980) eta baita egungo Jantokia ere (1989).

 

 

1980-90 hamarkadak

Lizeoak garai hartan gaur egun ezagutzen dugun egitura fisikora hurbildu zen, eta poliki-poliki egun gertatzen dena bideratu zen: batxilergoko ikasle gehien-gehienak Lizeoan txikitan bertan matrikulatutakoak ziren.

80ko hamarkada hartan aldaketa ugari eman ziren testuinguru soziopolitikoan. Espainiako trantsizio garaian, lurralde antolaketari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoa sortu eta ordura arte guztiz zentralizatuta zeuden hezkuntza arloko erabakiak, neurri batean, deszentralizatu ziren. Euskararen ofizialtasuna ere iritsi zen.

Egoera berri hark legislazio berria ere ekarri zuen: LOGSE edo Ley Orgánica General del Sistema Educativo 1990an onartu eta hezkuntza-organigrama aldatu zuen, gaur egun itxura hartuz. BBB-UBI edo BUP-COUko eraikuntzak ziren haiek BH edo Bigarren Hezkuntzakoak izatera pasa ziren 90eko hamarkadan.

Hamarkadaren erdian, Lizeoaren beharrei erantzuteko, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako etxeen tartean Aretoa eraiki zen (1995), gaur egungo idazkaritzaren azpian dagoen espazioan.

Ikasleek geroztik ez zuten derrigor 14 urte bitartean ikasi behar, 16 bitartean baizik, edo horrek ere egitura aldaketa batzuk ekarri zituen. Baina ez zen Lizeoa aldatzen zen bakarra. 1990ko hamarkadan Antigua auzoko inguruan aldaketa urbanistiko ugari eman zen; Benta Berri auzoko lantegi eta biltoki gehienak bota eta auzo berria eraiki zen, eta Berioko etxe asko ere ordukoak dira. Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate gehienak ere, 80 eta 90koak izan ziren: Kimika, Pedagogia, Soziologia, Informatika... Lizeoa ez zegoen bakarrik.

 

2001-...

Euskal Herriko ikastola eta ikastetxe gehienetan, matrikulazioari dagokionez eta gizartearen eskaera berriei erantzuteko, bi urteko gelak sortu ziren. Lizeoaren kasuan, 2 eta 3 urteko haurrentzat egoitza berria eraiki zen, aldapan gora gatozela Lizeoko lehen eraikuntza (2001).

Mende berriarekin batera izaera juridiko berriaren lanketa gertatu zen ere. 2003 urtean, Loistarain S.L. zena Santo Tomas Lizeoa-Loistarain Kooperatiba izatera pasa zen.

Eta ziur aski batzuk uste baino lehenago Lizeoak 50 urte bete zituen, Ikastolen Elkarteko lehena, ekitaldi ugari eta jendetsuekin. Urte hartatik aurrera, adibidez, Lizeoak ikastolako eguna ospatzen du ekaineko lehen egunetan.

Bitartean, Lizeoak bere lana jarraitzen du, urtero 1700 ikasle baino gehiagoren formakuntzan lanean, euskara eta euskal kultura ardatz dituela, bakoitzak bere etorkizuna modu egokienean landu dezan.