Aurkezpena

Duela 50 urte baino gehiago hasi eta gaur egun arte, bost mila familia pasata eta ehunaka langilek Santo Tomas Lizeoan euskalduntasunean tinko erroturik mundurako pertsonak osotasunean hezten saiatu gara.

Horretarako partaidetza sozialeko ikastola osatu genuen duela urte batzuk, gurasoen kooperatiba alegia, eta bertan unibertsitatera joan aurretiko hezkuntza lantzen dugu, ahal den ikuspegi emankor, ireki eta zabalenean.

Ikaslea umea den momentutik eta gaztea bilakatu bitartean askatasunez eta erantzukizunez jokatzeko prestatu nahi ditugu, ahalik eta era solidarioenean zorion bidea egin dezaten. Bide horretan, emaitza akademikoei garrantzia emateaz gain, arduraz eta jokabide egokiak bultzatzen saiatzen gara. Heldutasunaren bide horretan ikasleari ahal den ibilbide egokiena aholkatzen diogu, berak aukeratutako ondorengo ikasketak egin ditzan.

Bestetik, Lizeoa hezkuntzaren bitartez gizarteratua dago. Gizarte horren eraketarako oinarrizko helburu partekatuak ditugu zenbait ikastolekin –Euskal Herriko Ikastolen Elkartea– eta beroriekin harreman egonkorrak ditugu, elkarte-helburuak batera landu edota elkarrekin trukatzeko.