Hezkuntza proiektua

Bada bost hamarkada baino gehiago Santo Tomas Lizeoan xede nagusia identifikatuta dugula: ume dela eta gazte bilakatu bitartean, ikaslearen garapen pertsonala modurik hoberenean eman dadin aukerak ahalbidetzea, arlo akademiko, sozial, emozional zein fisikoan.

Euskalduntasunean erroturik, garapen prozesu horretan ikasleak hurbileko ingurura zein mundu zabalera begira jartzen saiatzen gara, ikasketa aktibo, kritiko eta anitza bultzatuz, beti ere gizartean ematen diren etengabeko aldaketaz  ohartuz.

Lizeoa, edozein kasutan, ez da banakakoen batura, unibertso txiki bat osatzen dugu bertan aritzen garenok eta inguruko familiek. Horregatik hain zuzen, pertsona bakoitzaren ongizatea lortzeko ezinbestekoa da bizikidetza zaintzea eta lantzea: tutoretza-plan, bizikidetzako arau eta orokorrean eguneroko jardunek horretan lagundu nahi dute. Ikasleak ikasleen artean bereziki, baina baita irakasle, idazkari, jangelako arduradun, garbitzaile, autobusetako gidari… eta abarren artean bizitzen ikasiko du, disfrutatzen batzuetan eta zailtasunak gainditzen bestetan.

Bide horretan ikasleak bere ezagutza eraikiko du, eta Lizeoak lagunduko dio horretan, baliabide, bitartekari eta testuinguru sortzen dituelarik.